XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iñaki Txanbolin

Badira dagoeneko 3 urte Iñaki Txanbolinek Zumaia utzi zuela, Barreirinha izeneko herri amazoniar batera bizitzera joateko.

Orain milioi batzuen truke ere ez litzateke bueltatuko.

Beraz, badirudi leku aldatzea mesedegarria suertatu zaiola.

Amazoniarren bizitzak txundituta utzi du, hemengo sistemaz berriz gero eta urrunago sentitzen da.

Honi buruz pentsatzen duen guztia kontatu digu, elkarrizketa luze bezain interesgarri honetan.

Itxurakeria asko ikusten dut jendearengan

ZERGATIK ALDE EGIN ZENUEN EUSKAL HERRITIK ETA ZERGATIK AMAZONASERA?

Arrazoietako bat, baina ez garrantzitsuena, nere emaztea izan zen.

Ez zen hemen bizitzera inoiz ohitu.

Hemengo jendearekin tratu oso ona zuen, baina ez zegoen batere gustora hemen.

Horretaz gain, nik ere banuen egonezin hori.

Oso erreta nengoen hemengo sistema eta gizarte-motarekin.

Nerekiko pentsatzen nuen, erakartzen ez nauen gauza batean egon behar al dut 65 urte lanean?

Horregatik alde egitea erabaki genuen, eta zorionez ederki doakigu dena.

AZALDUKO AL DIGUZU NON KOKATZEN DEN BARREIRINHA ETA ZER EZAUGARRI DITUEN?

Barreirinha Amazonas ibaiaren adar diren Andirá eta Paraná de Ramosen artean dagoen herri bat da.

Irla bat da, eta inguruko herri guztiak ere irlak dira.

Manaosetik itsasuntziz 22 ordu behar dira bertara iristeko.

Hango bizimoduak ez du inolako zerikusirik hemengoarekin.

17.000 biztanle inguru ditu, eta gehienak mestizoak dira (zuri eta indigenak), % 80 inguru, eta cabloco izena ematen zaie.

Zurien artean espainiarren ondorengoak ere badaude, eta espainol autokontsideratzen dira eta ni ernegatu egiten naute.

Behin hauetako bat etorri zitzaidan ni ere beraiek bezela latinoa nintzela esanez, eta pikutara bidali nuen ni euskalduna nintzela eta latino usainik ere ez nuela esan ondoren.

Ez dit gehiago inoiz hitzik egin.

ZER NOLAKO OHITURAK DITU BERTAKO JENDEAK?

Nik janaridenda bat daukat eta egunero sei t'erdiak aldera irekitzen dut.

Jendea ogia erostera, kafesnea hartzera etortzen da eta eguneko erosketak egiten ditu.

Premiazkoena bakarrik erosten dute, ez baitute beste ezertarako dirurik.

Ez dago ekonomiarik, ez fabrikarik, ez industriarik; haroztegi bakanen bat badago, baina garatu gabea, oso oinarrizkoa, hala ere zura ederki lantzen dute.

Oso lasai egiten dute lan, ez dago hemen bezelako konpetibitaterik.

Dena kontrastea da hemengo bizimoduarekin alderatzen badugu.

Han ez dago hemen dagoen kontsumismoa, eta adibidez, arrantzaleak egun batean joango dira arrantzara eta hurrengoan beharbada ez, baina gutxienez ez dira telebista edo etxea ordaintzeko daukatela pentsatzen egongo.

Norberak bere etxea egiten du eta argi eta urik gabekoak ere badaude; eta eremu indigenan hori ere ez.

Eta nekazaritzarik ez dago ia, egia esan. amazoniarrak nahikoa alferrontziak baitira.

Herrian bizi diren indigenak. Sateré-Mahoéak ez dira indigena kontsideratzen, badago indigena izateaz lotsatzen den jendea.

Nik ez dut ulertzen, esaten diet ez dagoela harrotasun handiagorik bakoitzak bere arraza eta hizkuntza izatea baino.